Osasun Hezkuntza proiektua Farmamundirekin batera

Azken aste hauetan Lanbide Heziketako Erizaintzako ikasleak Farmamundi GKErekin “Crea Salud” proiektua lantzen aritu dira. Proiektu hau Laguntza Psikologikoaren eta Osasunerako Hezkuntzaren moduloaren barruan eta zeharkako konpetentziak lantzeko balio izan die; lan taldea, enpatia, asertibitatea, erabakiak hartzea, gatazka konponketa eta sormena. Arizmendi ikastolak definitutako pertsona-ereduarekin guztiz bat datozen bereizgarriak.

Osasunerako Hezkuntza lantzeko urtero aukeratzen dute gai bat, ahal bada kanpo- eragile batekin, eta azken 3 urteetan Farmamundirekin batera lan egin dute. Hauek izan dira proiektuaren helburuak:

  • Ikasleekin hausnarketa eta ikaskuntza-prozesu kolektibo bat sortzea, osasunerako eskubideari eta horren mugatzaileei buruzko pentsamendu kritikoa sustatuz, bai eta biztanleriaren osasun-arloko desberdintasunei buruzkoa ere.
  • Ikus-entzunezko proiektu parte-hartzaile bat egitea, ikasleek kinogramak tresna gisa erabiliz egindako hausnarketetatik abiatuta.
  • Ikasleak gizarte-aldaketaren parte aktibo bihurtzea, beren lana herritarrei helaraziz, kontzientziak eraldatzeko eta gizarte konprometituago baten eraikuntzan parte hartzeko.

Proiektuaren azken produktua bulling-ari, autismoari, eskizofreniari eta COVIDak osasun mentalean duen eraginari buruzko kinogramak (bideo laburrak) egitea izan da taldeka. Horrela, gainera, konpetentzia digitalak garatu dituzte.

Kinogramak egiteaz gain, hauek komunikatzeko eta gizartean zabaltzeko, sare sozialen erabilerari buruzko saio bat ere egin dute Farmamundiko Olaia Simon eta Trini Anguitaren eskutik: zabaldu nahi den mezua, nori zuzenduta dagoen, zein sare sozial aukeratu publiko horrengana iristeko…

Beraz, Lanbide Heziketako Erizaintzakoak proiektu osoa eta interesgarria egin dute.

Hemen argazkiak eta jarraian talde bakoitzak egindako kinogramak:

Talde HORIA – Eskizofreniaren estigma


BLACK taldea – Autismoa


ROSITA taldea- COVID eragina osasun mentalean


Talde MOREA – Bullying