Eider Roa: “Lanbide Heziketan praktikari ematen zaio garrantzia, gehienbat”

EiderRoaEider Roak Eraikuntza Proiektuak goi mailako heziketa zikloa egin zuen Arizmendi Ikastolan, eta, alor hori gustuko zuela ikusita, unibertsitatean Arkitektura ikasketak bukatu ditu. Duela gutxi Arizmendira itzuli da, Enplegu Berdea programan parte hartzera.

Zergatik Lanbide Heziketa?

Eraikuntza arloa gustatzen zait, batez ere interiorismo aldetik, eraikinen barrualdeak eta. Unibertsitaterako sarbide proba batzuk egon ziren eta ezin izan nuen aurrera jarraitu. Orientatzaileek heziketa ziklo honi buruz hitz egin zidaten; bi urtean gai teoriko-praktikoak landuz, epe motzean ikusiko nuela nire mundua ote zen edo ez. Bide hori aukeratu nuen.

Zer azpimarratuko zenuke Lanbide Heziketatik?

Praktikotasuna. Eta teoria jorratzean ere, beti praktikan aurkituko duzunari begira lantzen da.

Zer gustatu zaizu gehien?

Marrazketa. Asko praktikatu dugu, gainera, Autocad-en eta.

Lana bilatzea, laneratzea, erraza izan al da Lanbide Heziketarekin?

Ez naiz lan bila hasi, baina ez naiz geratu. Lanbide Heziketatik unibertsitatera; karrera amaitu eta hemen lan aukera handirik ez zegoela ikusita, proiektua egitera kanpora joan nintzen, lan egin eta ingelesa ikastera. Proiektuaren aurkezpena pixka bat atzeratu nuen, eta 2013ko urtarrilean aurkeztu nuen. Ondoren, Arizmendi Ikastolan Enplegu Berdea programan sartu nintzen.

Zein da unibertsitate ikasketen eta Lanbide Heziketaren arteko aldea?

Unibertsitatean teoria asko ematen da; matematika, fisika, kimika, egiturak… Egia da gero eraikuntza alorrean sartzen dela. Lanbide Heziketa praktikoa da, eta norberaren lana benetan zein izango den ikusten da. Gainera, praktikak curriculumean sartu ahal izateak bere pisua du.

Lanbide Heziketa gomendatuko al zenuke?

Bai, batez ere zer ikasi nahi duen ziur ez dakienari. Eramangarria da, bi urtean egiten baita, eta oso praktikoa da. Lana topatzeko ere praktikotasunak erraztasunak ematen eta beste formazio baterako bideak irekitzen ditu.